2007ko deialdian Dynakin eta zylk.net enpresak saritu dituzte oinarri teknologiko onenaren eta enpresa berritzaile onenaren kategorietan, hurrenez hurren. Deialdi honetan 2003 eta 2006 bitartean sortutako enpresek parte hartu dute eta saria 6.000 eurokoa izan da modalitate bakoitzean.
Espainiako Zientzia eta Teknologiako Fundazioak I+G+b 2004-2007 Plan Nazionalaren garapenari buruzko txosten bat prestatu du eta euskal enpresen partaidetza azpimarratu du bertan. 654 ikertzailek betetako beste horrenbeste galdetegiren erantzunak aztertu zituzten. Galdetegi horien emaitzak kontuan hartuta ondorioztatu da EAEn egoitza duten enpresek lortu dituztela ekimen honek (Profit izenez ere ezaguna) diruz laguntzen dituen proiektu gehienak.
EEEk, Eusko Jaurlaritzaren menpeko erakundeak, energyGUNE izeneko Energia Berriztagarrien CIC berria jarri du abian Miñaon. Cegasa, Iberdrola, Mondragon Taldea eta Energia Klusterreko hainbat enpresa atxiki zaizkio ekimen honi. Inbertsioa 30 milioi eurokoa izango da eta batik bat hornikuntza eta instalazioetan erabiliko da diru hori.
Gartner-ek informatikak datozen urteetan gainditu beharko dituen erronka nagusiak hautatu ditu, zeintzuk iraultza edo garapen soilak bilakatuko diren berauei aurre egiteko moduaren arabera. Berrikuntza horiek 5 eta 20 urte bitarteko epemuga batean kokatzen dira, hau da, informatikako proiektuen ohiko kudeaketa zikloa gainditzen dute.
Badirudi marka baten indarra bere berrikuntza mailarekin loturik dagoela. Horixe diote berriki argitaratu diren bi txostenek, txosten hauen arabera Google eta Apple gehien berritzen duten eta aldi berean markarik onenak dituzten enpresak dira.